ProtopIA, Adimen Artifizialak elikadura-etorkizun jasangarriagoa eta berritzaileagoa sortzen nola lagun diezagukeen ulertzeko gunea

Adimen artifiziala (AA) sektore guztiak eraldatzen ari da, eta elikadura ez da salbuespena. Eragin hori aztertzeko, BBK Kunak eta Innubak ProtopIA antolatu dugu, AA sortzaileak elikadura-etorkizun jasangarriagoa eta berritzaileagoa eraikitzen zelan lagun diezagukeen aztertzeko funtsezko topaketa.

Jarraian, teknologia pertsonen eta planetaren zerbitzura jartzea helburu duen jardunaldiko hausnarketa eta ondorio nagusiak laburbilduko ditugu.

Zer da ProtopIA eta zergatik da garrantzitsua?

ProtopIA BBK Kunak eta Innubak bultzaturiko ideia-laborategia da AA sortzailearen eragina aztertzeko elikaduran. Erronka berriei aurrea hartzeko eta teknologiaren erabilera arduratsua sustatzeko beharrizanean datza bere garrantzia. Hausnarketa kolektiborako gune bat da, BBK Kunak berrikuntza sozialarekin duen konpromisoa azpimarratzen du, eta Bizkaiarentzat elikadura-etorkizun jasangarriagoa eta bidezkoagoa eraikitzeko irtenbideak bilatzen ditu.

“Erakunde Areagotuak” aztertzen

Topaketako kontzeptu nagusi bat ‘erakunde areagotuak’ izan zen, Innubako David Alayón-ek aurkeztua. AAk gizakiak ez ordezkatzea, baizik eta haien gaitasunak areagotu edo handiagotzea proposatzen du ikuspegi horrek. Elikaduran, horrek esan nahi du teknologia sormena eta pentsamendu kritikoa sustatzeko erabiltzea, betiere arreta giza faktorean mantenduz. Eztabaidaren ardatza taldeak zelan prestatu izan zen, nola egokitu profil profesionalak eta zelan bermatu trantsizio teknologiko hori inklusiboa izatea.

“Futurathoia”: etorkizuneko agertokiak diseinatzea AArekin

Jardunaldia teoriatik praktikara igaro zen “futurathoi” batekin: saio dinamikoa, non parte-hartzaileek etorkizuneko agertokiak diseinatu zituzten sektorerako.

Mota honetako hiru ekitaldietatik lehena da, sektoreko enpresa eta erakundeekin batera garatuko duguna.

Ariketa horri esker, aukerak identifikatu ahal izan ziren, hala nola laboreen optimizazioa eta arrakala digitala bezalako arriskuak. Saioak galdera erabakigarriak sortu zituen: Zelan ziurtatzen dugu AAren erabilera etikoa? Zein giza trebetasunek jarraituko dute ordezkaezinak izaten? Eta nola eutsi benetakotasunari gero eta teknologikoagoa den merkatuan?

Funtsezko hiru gogoeta etorkizunerako

Topaketak hurrengo urratsak gidatuko dituzten oinarrizko hausnarketak utzi zituen mahai gainean:

Tributazioa eta ekitatea: AAk hain balio ekonomiko esanguratsua sortzen badu, nola lagundu behar du fiskalki bere etekinen birbanaketa bidezkoa ziurtatzeko gizartean?

Giza gaitasunen balioa: funtsezkoa da sormena, pentsamendu kritikoa eta enpatia bezalako trebetasunak babestu eta sustatzea. Ingurune automatizatu batean, gaitasun horiek izango dira berrikuntzaren benetako motorra.

Teknologiaren mugak: AArekiko harreman osasuntsua ezarri behar dugu, gure autonomia eta erabakitzeko gaitasuna mugatuko dituen mendetasunean erori barik.

Ondorioa

ProtopIAk funtsezko abiapuntu bat markatu du. “Erakunde areagotuen” ideia, non teknologiak giza gaitasunak handitzen dituen, jarraitu beharreko ibilbide-orri gisa sendotzen da. Hasi berria da teknologiak areagotutako baina giza gaitasunetan oinarritutako elikadura-etorkizunerako bidea.

Bizkaiarentzat etorkizun inspiratzaileak aktibatzen jarraitzeko konpromisoa berresten dugu BBK Kunatik. Elkarrizketa honetan parte hartzen jarraitzera eta gurekin hausnartzera gonbidatzen zaitugu: Nola eraiki dezakegu, elkarrekin, guztiontzat adimentsuagoa, bidezkoagoa eta jasangarriagoa den elikadura-sistema bat?

ProtopIA eta futurathoi saioak irailaren 30ean eta urriaren 28an egingo ditugu. Informazio osoa gure kanaletan aurreratuko dugu.